XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Konpadriko gizonak beren billerak eta artu-emanak egiten zituzten etxea edo lekua, geienean taberna bat izaten zan, eta an, aparteko gela batean, biltzen ziran.

Enkantea zan igandean eta konpadriko sozioak jakiñaren gañean jarri ondoren, bilduko ziran esandako ordurako danak.

Beia ere eramango zuten, eta an egongo zan arbola edo beste zerbaiti lotua.

Subasta edo enkante ontan parte artzeko asmoa zuenak, eta etzuenak ere bai, oni ikustaldi bat eman ondoren, joango ziran barrenera eta exeriko ziran mai aundi baten bueltan.

Mai onen gañean eta olaren puntan tente sartuak jarriko zituzten iru poxpolo.

Poxpolo auei kandelak deitzen zitzaioten.

Eta bertako presidenteak edo onen ordezko zanak galdetuko zuen: - Zenbat ematen dezute, jaunak, beiarengatik?.

Etzan prezio jakiñik izaten, baña esango zuen batek, esate baterako: - Ogei ta bost duro!.

Orduan pixtuko zuten maiean zutik zegoen poxpolo oietako bat, eta esango zuen berriz presidenteak: - Lendabiziko kandela, jaunak! Ogei ta bost duroan beia!.

Eta, ez bazuen iñork geiago eskeintzen poxpolo ura erre arte, pixtuko zuten bestea, eta iju egingo zuen berriz: - Bigarren kandela, jaunak! Ogei ta bost duroan beia!.

Eta, au ere erretzen bazan iñork geiago eskeñi gabe, irugarren poxpoloarekin beste orrenbeste egingo zuten; eta, au erre arte ez bazuen iñork geiago eskeintzen, beia arrentzako geldituko zan.

Baño, askotan edo geienean, irugarren poxpoloa erre baño len bateronbatek joko zuen bi, bost edo geiago duro gora, bada bi duro baño gutxiago jotzea etzan libre izaten.